XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EUROPA ETA SOZIALISTAK

Duela ogei bat egun Frantziako Alderdi Sozialista (P.S.), Mitterrand Jaunaren alderdiak, alegia, egin zuen biltzar berezi bat.

Batzarraren gaia, Europa zen.

Gaia, guretzat oso interesgarria, beraz, nere ustez, behintzat.

Egia esan, batzar horretan eztabaida sakonik eta jatorrik izan da.

Frantziako Alderdi Sozialistak aldaketarik eman ere, eman du.

Frantzian, komunista eta sozialisten artean amaika eztabaida izan da, Europa medio dela.

Stalinen jokabidea zela eta sozialistek Ipar Amerikaren besoetara jaurti ziren.

Gaur egun ez da horrelakorik ikusten.

Ipar Amerikaren jokabidea inolaz ere onar ezin daitekeen inperialista jokabidea da.

Frantzian, orain dela urte batzu horrelako esaldirik esango zuen sozialista guti zen.

Gaur egun berriz, hori aitortuko ez duen sozialistarik ez da izango.

Mitterrandek eta bere lagunek puntu honetan beren iritzia garbi azaldu dute.

Baina ain garbi ez dagoen kontua Rusiari buruzko postura da.

Hemen iritzi desberdin bat baino gehiago, azaltzen da.

Mitterrandek eta Alderdiko gehienek Ipar Amerikaren eta Rusiaren jokabidea parekotzat jotzen dituzte.

Europako sartaldean Rusiaren jokabidea inperialista omen da Europako sortaldean Ipar Amerikak egin nahi duen eta egiten duen jokabidea bezelaxe.

Alderdiaren ezkerrarentzat, berriz, biak ez dira berdinak.

Rusiaren jokabidea, zapalketa jokabidea da baina ez inperialista.

Ideologiazko eta militarrezko zapalketa da bereziki eta ez ainbat, ekonomiazkoa.

Beraz, ezin daiteke bi zapalketak berdinak direnik esan.

Bigarrengo postura, agian jakintza aldetik jatorragoa izango da eta Alderdi komunistari buruz biguinagoa ere bai.

Alaz ere, bi posturak bat datoz bi blokeen arteko borroka eta jokoa, alegia, Rusia eta Ipar Amerikaren arteko jokoa, onar ezin daitekeen gauza dela esateko.

Bi posturentzat, Europak bere burua biren jabe izan behar du.

Ez zaio onuragarri ez Rusiaren eta ez Ipar Amerikaren babesik.

Bere askatasuna zaindu behar du.

Baina hori lortzeko ez da nolanahiko Europa sortu behar ordea.

Puntu honetan ere bi posturek, bat datoz.

Bere askatasuna sendotu nahi badu, ohitura zahar demokratikoei jarraiturik sozialismoa eraikitzea izango da Europarentzat biderik egokiena.

Gaurkoz, hori gauza zaila da.

Europak dituen erakundek oso aldrebes eta desegokiak dira.

Kapitalismoaren aldeko egiturak dira.

Orduan zer egin behar da? Berriro ere hemen zatiketa dator.

Mitterrand eta Alderdiko gehienen ustez, Europa kapitalista izan arren, egitura berriak osatzen ahalegindu behar da.

Estaduen gainetik izango diren erakundeak sortu behar dira.

Nahiz eta sozialista ez izan, Europa sortzea ezinbesteko baldintza da, gaurko egoera aldatu nahi bada behintzat.

Erakunde berri horiek sortzea izango da trust internazionalei gogor aurka egiteko biderik egokiena.

Gaurtik asi behar da, beraz.

Chevenement eta Gilles Martinet Alderdiko ezkerrarentzat, alegia, estaduen gainetik izango diren erakundeak sortu baino lehen, sozialistek indartsuagoak izan behar dute.

Izan ere, egitura berriak zertarako sortu behar dira? Gero kapitalismoa indartzeko medio izango bai dira.

Horrela egitura internazionalak sortuko dira, ain zuzen, sozialismoa errazago menperatuko duten egiturak.

Hori ez da, inolaz ere, onuragarri.

Geure buruari arrika ihardutea da hori.

Bi postura hauen artean, Mitterrandena atera zen irabazle.

Izan ere, gizon honek geroz eta gehiago begiratzen dio pratikotasunari.

Frantziko lehendakari izateko bidean dabil.

Europa zale derrigorrez azaldu behar du.

Europa indartu eta sendotu nahi duen politiko bezala azaldu beharra daduka.

Puntu honetan dudaren izpirik ere ez du azaldu behar.

Hori garbi ikusi du Mitterrand jaunak eta jokatu ere ala jokatu du.

Inor baino Europa zaleago azaldu da.

Baina, horratx, batzar horretan, asko mindu nauen gauza bat izan da.

Europa sozialista sortu dela argi eta garbi esan dute.

Estaduen gain edo erakunde internazionalak sortu behar direla, ere, esan dute eta hori dena ona deritzat.

Erriei buruz, estaduak puskatuz egitura federalistak sortzeaz oso gutti edo bat ere ez dute itz egin.

Frantzia mailan zentralistak diren bezala Europa mailan ere ala azaltzen dira.

Europa sozialista bat nahi dutela diote Mitterrand eta bere lagunek.

Burokraziz jositako sozialismoa ez ote den izango beldur naiz.

Goitik behera ezarritakoa, errien eskubideak gogoan ez dituena.

Behin eta berriz esan behar eta ez al gara nekatuko: kapitalisten atzaparretatik produzioko tresnak kentzea aski ez dela, alegia.

Kapitalistei kendurik burokrata talde baten eskuetara pasa daitekeela historiak behin eta berriz erakutsi digu.

Eta zer sozialismo da errien nortasuna gogoan artzen ez duen sozialismoa? Gogoan, ipini dut, izan ere, Frantziako Alderdi sozialistaren batzarkide denek errien eskubideak onartzen dituztelakoz.

Banan bana galde egingo bagenie, denak onartuko lukete.

Baina, zer dela eta Europa eta sozialismoaz mintzatzean, ez dituzte Europako Erriek gogoan izan.

Zergatik ahaztu dituzte? Ez al zuen arazo honek garrantzirik edo... Mitterrand jauna.

J. ELUSTONDO.